Tokiko Enplegu Proiektuak, tokian-tokiko esparruan enpleguaren tokiko sustapena eta garapena bilatzen duten programa zehatzak dira. Beterri-Buruntza eskualde mailan 2012an egindako Eskualdeko Enplegu Planaren baitan proposatu ziren neurrien artean kokatzen dira, eta urte hartatik abian dagoen programa da, urtez urte eskualdeko Enplegu mahaiaren parte hartzearekin eta udal teknikarien arteko elkarlanarekin lantzen delarik.
Tokiko Enplegu Proiektuak Lanbidek urtero ateratzen duen enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako diru-laguntzen deialdiaren bidez finantziatzen da.
Deialdi honen xedeak jasotzen duenez, “Tokiko esparrua aproposa da ekoizpen-aukera berriak hautemateko, eta, beraz, enplegu-politikek, haien diseinuan eta kudeaketa-ereduan, kontuan izan behar dute tokiko dimentsioa, eta lurralde bakoitzeko beharretara egokituta egon behar dute. Hori horrela, aukera horiek baliatzen lagunduko duten jarduerak sustatuko dituzte, eta esparru horretan enplegua sortzeko eta enpresa-jarduera bultzatzeko ekimenak landuko, Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legean aurreikusten den eran.”
2024ko deialdia
Enplegua sustatzeko toki-ekintzen barruan bi mota bereizten dira: enplegua sustatzea (1 mota) aldi baterako lan-esperientzia bermatzen duten kontratazioak langabetuen enplegagarritasuna sustatu asmoz, eta kontrataziorako dirulaguntzak (2 mota) langabeak tokiko enpresek merkatu arruntean kontratatzea errazteko laguntzak. Aurtengo proiektuan, beste edizio batzuetan egin izan den bezalaxe, bi motak jarriko dira martxan,
1.go motari dagokionez, Zeregin Anitzetako Langileen proiektu bateratu bat landuko da (operario eta ofizial talde batek osatua) eta udal bakoitzak udalerri bakoitzerako egin beharreko berariazko kontratazio-proposamenak ere proposatuko dira. Orotara 23 kontratazio egingo dira, 5 hilabete inguruko iraupenekoak. Zeregin Anitzetako Langileei dagokionez, iazko kasuan egin bezala eta izandako arrakasta eta harrera ona ikusita, formakuntza eskainiko zaie.
Era berean, langile guzti hauek jarraipen pertsonalizatu bat izateko aukera izango dute. Lehen kontratazioak udazkenerako martxan egotea da aurreikuspena.
Kontratazio dirulaguntzei dagokionez, eskualdeko enpresetara bideratuko den diru-poltsa bat aurreikusi da. Helburua, Beterri-Buruntza eskualdean Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabetuak merkatu arruntean kontrata ditzaten laguntzea da.
Deialdia eta zehaztapenak udazkenean argitaratzea aurreikusten da.