Prestakuntza berria eskaintzen da eskualdean lehen sektorean laneratzea sustatzeko.
Beterri-Buruntza Mankomunitatea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta HENASE (Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkartea) lankidetzan ari dira Nekazaritza Eskola egitasmoaren garapenenean, Hernaniko Udalaren laguntza eta HAZIren partaidetzarekin batera. Eskualdeko eragileekin batera identifikatu zen lehen sektorearen laneratzea areagotzeko beharra, eta hori du helburu Elkar-Ekin Lanean-en estrategian kokatzen den prestakuntza honek.
Gaur aurkeztu da egitasmoa Hernaniko Burujabetzen Etxean, eta bertan izan dira erakunde sustatzaileetako eta laguntzaileetako ordezkariak: besteak beste, Koldo Peciña (Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu estrategikoen zuzendaria), Patxi Ibarguren (Beterri-Buruntza Mankomunitateko lehendakaria), Itsaso Lekuona (Hernaniko Udaleko Zinegotzia eta alkateordea) eta Uxue Encinas eta Iñaki Olaizola (HENASEko hezitzaile eta formatzailea).
Koldo Peciñak adierazi duenez, Elkar-Ekin Lanean estrategiaren helburua da enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa sortzea, Gipuzkoako enplegu ekosistema osoa inplikatuz, eta Elkarlaneko Gobernantzaren ereduaren bidez; desberdintasuna murriztu nahi da, enplegagarritasunaren eta aktibazio inklusiboa baliatuz. Era berean, Gipuzkoa mailako estrategia bat izanik ere, ezinbestekoa da eskualde bakoitzeko enplegu ekosistema eta eragileekin elkarlanean, bakoitzeko errealitatera egokitutako ibilbideak aktibatzea.
Patxi Ibargurenen hitzetan, “eskualdeko sareak garrantzi gero eta handiagoa du, eta bertan proposatzen diren proiektu guztiek bi helburu nagusi dituzte: batetik, pertsonen enplegagarritasuna lantzea, laneratzea lortzeko asmoz; eta, bestetik, hori lurraldeak dituen lan-beharrekin uztartzea”.

Lehen sektorea eta lan-munduratzea uztartzen dituen eskualdeko egitasmoa , Gipuzkoarentzat ere erronka.
Nekazaritza Eskolak Insusadi proiektua du aurrekari, eta Elkar-Ekin Lanean programaren baitan kokatzen den egitasmo berriak ere helburu bera du: zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak lan-munduratzea, lehen sektorean oinarritutako prestakuntza baliatuz, era berean lehen sektorearen erronkei ere erantzunez.
Beterri-Buruntzako 2024ko enplegu arloko diagnostikoak agerian utzi zuen lehen sektorean belaunaldi erreleboaren gabezia larria dagoela. Elikagaiak ekoizten dituzten ekoizleen %93k ez dute bermatuta beren jardunaren jarraipena. Zentzu honetan Nekazaritza Eskola behar horri aurre egiteko erantzun estrategikoa da, eskualde mailan. Batetik, lehen sektoreko lan-erreleboa sustatzeko, uzta biltzeko garaian lan karga handia duten sektoreetan eskulan kualifikatua eskainiz, eta belaunaldi erreleboa bermatuz. Eta bestetik, gizarte-kohesioa eta inklusioa indartzeko: egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako formakuntza eta lanerako bidea erraztuz, haien autonomia eta gizartean parte-hartzea sustatuz. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere estrategia sendoa garatu du lehen sektoreari begira, aipatutakoa erronka partekatua baita.
Egitasmoak eskualde mailako ikuspegia duenez, Beterri-Buruntza Mankomunitatea ari da sustatzen, eskualdeko enplegu sozialaren sarearen dinamizatzaile den aldetik. Era berean, HENASEren gidaritzari esker, lehen sektoreko eragileen parte-hartzea areagotu da, eta sektorearen premiak kontuan hartuta garatu da prestakuntza.
Lau hilabeteko prestakuntza teoriko-praktikoa.
Formakuntza-prozesuak lau hilabeteko iraupena du, eta 2025ean, bi talde formatuko dira: lehenengoak, ibilbidea amaitzear du eta, bigarrena, berriz, ekainean hasi da.
Formakuntza teoriko-praktikoa izanik, ikasleek hiru hilabeteko formakuntza jasotzen dute lehendabizi: prestakuntza hori Hernaniko Burujabetzen Etxean eta Karabeleko baratzean ematen da HENASEko hezitzaileen zein HAZI fundazioaren eskutik, eta HENASEko ekoizle profesionalek ere parte hartzen dute saio espezializatuen dinamizazioan. Ondoren, eskualdeko ekoizpen-eremua lehen eskutik bizi eta ikasitakoa praktikan jartzeko, hilabeteko praktikaldia egiten dute HENASEko etxaldeetan.

Lankidetza instituzionala eta komunitarioa oinarri.
Egitasmo hau gauzatzeko, Beterri-Buruntza Mankomunitateak hitzarmenak sinatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta HENASErekin, eta Hernaniko Udalak ere ekarpen ekonomikoa eta azpiegiturak jarri ditu eskuragarri. Guztira, 95.422 euroko aurrekontua du eskolak 2025erako.
Patxi Ibargurenek Nekazaritza Eskolak eragile partehartzaile guztiekin lortutako sinergiak goraipatu ditu: “Beterri-Buruntza Mankomunitatearentzako Nekazaritza Eskola sustatzea erronka handia da, izan ere, enplegu sozialeko ekosistema osoa indartu nahi dugu eta hori erakunde batek bakarrik ezin du egin.”
Hernanin, 2025eko uztailaren 15ean.