Eskualdea
Beterri-Buruntza Oria eta Urumea ibaien ibarretan dauden udalerriek osatzen dute: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek hain zuzen ere.
Buruntza menditik hartzen du izena, bi haranen artean dagoen mendia da eta ia distantzia bera du hiru herri nagusien artean: Andoain, Hernani eta Lasarte-Oria. 73.592 biztanle ditu (EIN 2022). Beterri-Buruntza Mankomunitatearen egoitza Hernanin dago.


Gipuzkoako azaleraren % 7 hartzen du (132,94 km²) eta lurralde historikoko biztanleriaren % 10,16 du (73.592 biztanle), horien % 21,2 64 urtetik gorakoa delarik.
Gure eskualdearen lehiakortasuna aztertuz gero lurraldeari eta EAEri dagokienez, honako puntu hauek azpimarra ditzakegu indargune gisa: gure langabezia-indizeak eta langabezia-tasak lurraldeko eta EAEko batez bestekoa baino txikiagoak dira; enplegu-kontzentrazio handiagoa dugu baliabide naturaletako sektore intentsiboetan (lehen sektorea); eta azalera handiagoa dugu garraio- eta komunikazio-azpiegituretan.
Bestalde, ahuleziei dagokienez, adierazi behar da gure eskualdeko pertsonen batez besteko errenta pertsonala eta enpresen errentagarritasuna lurraldekoak baino txikiagoak direla. Bestalde, enplegu gutxiago dugu kontsumo-ondasun iraunkorren eta ekipamendu-ondasunen industrietan eta teknologia ertain edo altuko manufakturetan; gainera, txikiagoa da I+G garatzen duten establezimenduen kopurua.
Aurreko informazioa zifrekin irudikatuz, nabarmendu behar da EAEn langabezia-tasa 1% 9,7koa dela eta Gipuzkoan % 7,9koa, eta gure eskualdean, berriz, % 7,2koa; guztira 2.790 langabetu daude, eta horietatik gehienak (% 54,37) 45 urtetik gorakoak dira.
Era berean, eskualdeko langabeziak gehiago eragiten die emakumeei gizonei baino (% 59 eta % 41, hurrenez hurren).
Ekoizpen jarduerari dagokienez, eskualdean 31.829 langile daude 2.933 enpresatan. Eta zerbitzuen sektorea da nagusi (% 77). Eskualdeko jarduera nagusia, zalantzarik gabe, merkataritza, garraioa eta ostalaritza dira (% 38), ondoren eraikuntza (% 15,9), jarduera profesionalak (% 12) eta industria eta energia (% 11,1).
Era berean, jarduera-sektore berezi baina esanguratsu batzuk daude, hala nola nekazaritzako elikagaiak, kultura- eta sormen-industriak, bai eta euskararen eta euskal kulturaren alde antolatutako gizarte- eta erakunde-jarduerak ere. Eragile espezializatuen sare garrantzitsu baten laguntza du (prestakuntza-zentroak, unibertsitatea, erakunde publikoak, fundazioak, eta abar).
Eta arte-, kultura-, natura- eta gizarte-ondare garrantzitsua, jarduera eta enplegua sortzen dituen gizarte-mugimendu indartsu batean islatzen dena.