Iaz hasitako lanari jarraipena emanaz, aurtengoan ere Lanaren Zentzua programan parte hartuko du Beterri-Buruntza Mankomunitateak.
Lanaren zentzua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak bultzatutako proiektua da, Etorkizuna Eraikizeko Think Tank ekimenaren barruan kokatzen dena, etorkizuneko lanari lotutako ekintzak eztabaidatu eta abian jartzeko.
Proiektuaren helburua enpresa batetako langile diren pertsonen inplikazioa eta ongizatea areagotzea da, antolaketa-errendimendua hobetzea ahalbidetuko duen ibilbide-orri bat egitea sustatuz, lan-testuinguruen berrikuspenaren eta hausnarketaren bidez.
Mondragon Unibertsitateak garatutako metodologia batean oinarritzen da. Garapen pertsonalaren ikuspegi positibo batetik lantzen du lana, pertsonen lau ‘oinarrizko beharrak’ asetzera bideratuta, lanari zentzua aurkitzeko eta ongizatea sentitzeko. Izan ere, lanak zentzua duela sentitzeko bete behar diren oinarrizko lau gako edo premia nagusiak dira hauek.
- Autonomia. Egiten dugun lanaren jabe garela sentitu behar dugu, erabakiak hartzeko eta gure izaera eta sentitzen duguna partekatzeko libre garela.
- Eskumena. Lanak eskatzen dizkigun emaitzak lortzeko gaitasuna, hau da, lana menderatzen dugula eta lanean eraginkorrak sentitzen garela.
- Harremana. Inguruan ditugun ikaskideekiko lotura garatzen saiatzen da. Gakoa gainerakoekin harremanak garatzea eta taldeko kide izatea da.
- Helburua. Bakoitzaren lanean ere gainerako pertsonei edo gizarteari ekarpen positiboa egiten diogula sentitzea. Gure lanetik haratago munduan eragin positiboa bilatzea da kontua.
Enpresekin lan egiterako orduan, pertsonek enpresan duten ongizate maila ezagutzea izango da abiapuntua. Ondoren, zergatik dauden horrela eta enpresak nola eragiten duen horretan ulertzeko saiaketa egiten da, azkenik pertsonak gehiago atxikitzeko eta motibatzeko barne-dinamika berriak ahalbidetuko dituzten lan-sistemak diseinatuz.
Informazio gehiago: Beterri-Buruntzako Mankomunitatea. Enplegua eta Prestakuntza saila. T 943 244 523 / enplegua@beterriburuntza.eus